GARA, 1999/3/13

      Euskal preso politikoen agiria Euskal Herriari

      Gertakizun zirimola izugarria izan da azken hileotan euskal presook, euskal gizarte osoak bezala, bizi ahal izan duguna. Euskal Herriko agente politiko, sindikal eta sozialek Lizarra-Garazin sinatutako hitzarmena, Euskadi Ta Askatasunak euskal gizarteari eskainiriko su-etena, "Bai euskarari!" euskararen aldeko kanpainaren arrakasta, Bilbon euskal presoen eskubideen alde izandako manifestazio jendetsua, Parisko kaleetan aldarrikapen berberagatik burututakoa, Euskal Herriko Udalerrien ordezkarien Biltzarraren sorrera, Euskal Departamenduaren alde Baionan buruturiko manifestazio haundia... Urte luzetako borrokaz eta sofrikarioz, ezker abertzaleko kideekin eta euskal herritar askorekin batera garatu dugun jardueraren zuzentasuna baieztatzen dizkiguten hainbat eta hainbat gertakari dira. Bistan da Euskal Herria urrats sendoz jarri dela abian.

      Gu zuzen-zuzenean ukitzen gaituen gaia izaki, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren hedapena azpimarratu nahi dugu lehenik eta behin; are gehiago, euskal preso politikooi buruz hainbeste mintzatzen den honetan gure iritziak agertarazteko aukerak, behin eta berriro, zanpatzen dizkigutenean.

      Hiru urte baino gehiago pasa dira, Euskal Herrian bilduak izan gaitezen eta gure eskubideak errespeta ditzaten borrokan hasi ginenetik. Etengabeko borroka honetan burututako gose grebek, txapeoek eta era guztietako ekintzek kartzelaren eta kartzeleroen zigorra areagotzea zekarten arren, gure borroka zuzena zela jakiteak eta gure oihuak euskal gizartean jasotzen zuen gero eta oihar-tzun handiagoak sofrikario guztien gainetik aurrera egiteko indarrak eman dizkigu.

      Egun, Bilbon bildu den jende erauntsiak ezinhobeto erakutsi du oihu hau zein ozena den, giltzapean gauzkatenek belarriak estali eta begiak itxita ere ezkutatu ezin dezaketena. Euskal Herriko erakunde ugariren atxikimenduaz gain eta Euskal Herriko kaleetan egunez egun burutzen diren mobilizazioez gain, Parisko kaleetara ere iritsi da aldarrikapen hau, 20.000 herritarren eta politikari ugariren sinaduraren babesean. Gaur bertan, Bilbon burutzekoa den ekitaldiak ere ekimen horiek guztiek eduki duten indarra izango duela espero dugu.

      Presoon sakabanaketa politika diseinatzerakoan jarrera aktiboa izan eta urte luzez politika hori defendatu duten alderdiak ere lotu zaizkio aldarrikapen honi. Ongi etorriak bitez. Bazen garaia. Baina hainbeste urte eta gero, hainbesteko mina jasan ondoren, merkeegi egiten zaigu diskurtsora mugatzen den atxikimendua. Borondatea ez baita hitz soilez frogatzen, ez eta une zehatz bateko ekitaldiko argazkian agertuz ere. Benetako borondateak egunez eguneko jarduera erabakiorra eskatzen du.

      Estatu espainiar eta fran-tziarrek uko egiten diote Euskal Herriaren hitzari, euskal gizarteak herri eta auzoetan egindako mobilizazioetan eta instituzio ani-tzen adierazpenetan ezin gardenago adierazitako hi-tzari. Presook sakabanatuta diraugu, jipoiek bere horretan iraun eta areagotu ere egin dira, kondenaren hiru laurdenak beteta kalean egon beharko luketen lagunek bahituta diraute, gure senideek milaka kilometro egitera behartuta jarraitzen dute, eta errepideetan hiltzen segitzen dute, euskal herritar gisa gure herrian egon eta beroni ekarpenak egiteko oztopo guztiak ezartzen dizkigute. "Indarkeria" hainbestetan aipatzen den honetan, bizi-bizian eta egunez egun ezagutzeko zoritxarreko aukera dugu guk.

      Penintsulatik kanpo zeuden kideak penintsulara eramanez (hori bai, Euskal Herritik urrunen dauden kartzeletara, gaitzerdi, zeren "ia-ia itsasoan erori baitzaizkien") "keinua" egin duelakoan omen dago Estatu espainiarra. Eskubideak direnak mailakatzerik balego bezala. Maiz esan dugun gisara, merkantzia politikorako txanpon trukea besterik ez baikara beraien-tzat, ezker abertzalea eta Euskal Herri osoaren ibilia baldintzatzeko trukerako txanpona. Zein oker dabilen iruzur horretan eroriko garela pentsatzen duena!

      Estatu espainiarraren joku maltzurrak Estatu fran-tsiarrarenean dauka segida. Parisen bertan entzun behar izan zuen oihuari muzin eginez "Estatu espainiarraren afera" gisara agertarazi nahi du euskal preso politikoon gaia, eta aitzaki hori erabiltzen du sakabanaketari eusteko, estradizioei segida emateko eta lagunak Espainiaratzen jarraitzeko. Izan ere, Euskal Herriaren zapalkuntzarekin gertatzen den bezala, Estatu espainiarrarekin eskuz esku joka-tzen baitu berak ere.

      Kartzelak egunez egun ezartzen digun oinazearen gainetik, ordea, pozik egoteko moduko uneak bizi ditugu. Eta ez soilik euskal gizartearen gehiengo zabala gure eskubideen alde agertu izanak arnas freskoa damaigulako. Pozik eta itxaropentsu egoteko uneak badira, batez ere eta behingoz, Euskal Herri askea eraikitzeko urrats sendoak egiten ari direlako da.

      Lizarra-Garaziko Hitzarmenaz geroztik abiatu zen prozesuak Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltza-rrean izan du segida. Ilusioz ikusi ditugu hitzez beren buruak abertzaletzat jo eta ekintzez urte luzez espainiarrekin batera aritu diren indar politikoak ezker abertzalearekin alboan etorkizuneko Euskal Herri askearen oinarriak finkatzen. Lehen aldiz, Euskal Herriak bere osotasunean biltzen duen egitura instituzionala baitauka. Amesten eta desio dugun Euskal Herri aske horren lehen zertzeladak ez ezik, zuhaitz oparoaren hazia ere izan dadila!

      Bada hogei urte euskaldunok bizi dugun egoeraren parekorik ezagutu ez dugula. Euskal Herriak eta euskal herritarrok galdutako hogei urte. Izan ere, orain Euskal Herriaren alde mugitzen diren indar horietako batzuek duela hogei urte Estatu espainiarraren itxikeriaren aurrean amore eman zuten. "Ezin da besterik egin" aitzakiarekin gure herriaren interesei baino, norberaren interesei makurtu izan ez baitzaizkie, oso bestelakoa litzateke gaur egungo egoera. Gutariko askok zuzenean bizi izan genuen une hori, eta gutariko ba-tzuk hogei urteok giltzaperaturik eman ditugu. Ez da atzera begiratzeko momentua, begirada aurrera jartzekoa baino.

      Ahoz aho dabilen hitza da "bake prozesua". Eta bat egiten dugu geuk ere. Euskal Herriaren eskubideen errespetuan oinarritutako bakea da betidanik bilatu duguna eta horren alde borrokatu gara. Lagun askok bizia ere eman du jardun horretan. Euskadi Ta Askatasunak su-eten mugagabea aldarrikatu zuenean argi agertu zuen euskal gizarteari eta bertako agente guztiei elkar hartzeko aukera eskaintzen ziela. Horri heltzen gaitzaizkio gogoz eta borondatez: Euskal Herriak bere izaera onartua eta hitza errespetatua izan dezan denok batera aritzeko aukerari.

      Estatu espainiarrak eman du bere erantzuna: Euskal Herriak ez du hitzik, ez du eskubiderik. Bake bakarra menpekotasunean oinarritutako da. Beste modu batera adierazita, hizkuntzaren biribilketa egin eta "bakea" dioen tokian, "guda" esan nahi du.

      Ez da horratio hori euskaldunok desio eta behar dugun bakea. Gure bakea Euskal Herria eraikitzetik etorriko den zinezko bakea da. Presook ez gaude prest Espainia eta Frantziaren "bake" horren pean kalera-tzeko. Ez gaude prest "bake prozesu" izena besterik ez duen irteerarik gabeko bi-dean txanpon gisa erabil gaitzaten. Euskal Herriaren alde borrokatzeagaitik gauzkate preso eta Euskal Herriaren alde borrokatzen segitzeko borondate irmoa dugu. Gure desiorik handiena horixe baizik ez da: guztiok batera aritzea, eskuz esku eraikitzea Euskal Herria askearen oinarriak. Inork ez dezala atzera egin eta uzkurtasunak, beldurrak edo norberekeriak ez dezala gure herriaren aukera itzal. Ez dugu zalantzarik zapaltzen gaituzten Estatuek ez digutela bidea xamur egingo. Baina bizi dugun unea galtzeak gure herriaren zanpanketaren iraupena eta espetxeak euskaldunez betetzen segitzea baino ez baitu eragingo. Bakea, benetako bakea, gaur bertan, bihar, hemendik bost, hamar edota hogei urtera euskaldun batek ere Euskal Herriaren defentsan borrokatu behar izateagaitik espetxeratuta egoteko arrazoirik ez izatea da. Herri eraikuntza prozesua, Euskal Herri askea sortzea da benetako bake prozesua.

      Zinez une itxaropentsuak bizi ditugula errepikatuko dugu ordea, euskal gizartearen taupadak gogo eta bihotzean sentitzen ditugulako. Borboka oztopo eta muga guztiak gainditzen dituzten taupadak dira. Jakin badakigulako herri oso bat oinez abiatzen denean ez dagoela abiada hori geldiaraziko duen indarrik.

      Aurkibidea home